Txolarteak,
Atzegi barruan dauden aisialdiko taldeak dira. Asteburuetan, hiru
ordu inguruz, geratzen dira begirale zein hamasei urte baino gehiago
dituzten adimen urriko partaideak.
Talde
hauen helburu nagusia
aisialdiko ekintzak egitea da, betiere beste batzuekin harreman
positiboak eta esanguratsuak egitea xede dela, izan ere, horrelako
taldeetan parte hartzen ez badute, partaide askok ez dute lagunekin
lanetik at egoteko aukerarik. Ekintza hauek guztiak, begirale
boluntarioekin egiten dira.
Gaur
egun hamabi Txolarte talde daude Gipuzkoan,
paseoak eta txangoak egin, zinera, festetara edo antzerkira joan…
eta aisialdiko beste ekintza asko egiten dituztenak.
Beasaingo
Txolarteari dagokionez, nire herrikoa hain
zuzen, zazpi begirale eta hamaika bazkide dira. Larunbat
arratsaldeetan egiten dute bat. Urriaren lehen asteburutik ekainaren
azken astebururaino jarduten dute honetan. Ekainetik abenduraino,
eguraldi kontuak tartean direla eta, Gabonetako
jaialdia prestatzen dute. Guztiok gustuko
dituzten abestien aukera egin, eta ondoren buru-belarri egoten dira
koreografien prestaketan. Nagore Sanchez-ek, begiraleetako batek esan
didanaren arabera, “Izugarrizko ilusioa egiten die familien aurrean
beraiek egindako lana aurkezteak”. Gabonetatik aurrera,
arratsaldeko poteotxoa egiten dute eguraldia lagun badute. Bestela,
lokalean geratu, pelikularen bat ikusi eta sekulako meriendak egiten
dituzte. Itsaso Egurbidek, beste begirale batek jakinarazi didanez,
“guretzako hiru ordu besterik ez dira, baina beraien senideentzako
sekulako mesedea da. Gainera gehiago da guk jasotakoa, ikaragarria
da. Larunbat batean gerturatzen ez bazara, sekulako zuloa sentitzen
duzu aste osoan zehar”. Beasaingo
festetan gainean ere, bazkideak urduri
egoten dira barraketara bueltatxoa egiteko ohitura baitaukate.
-Beasaingo
Txolarte taldea-
Aurten
ere, urtero bezala, iritsiko da Txolarte
eguna.
Larunbat arratsaldero herri desberdinetan biltzen diren Txolarteko
kide eta begiraleak bat egingo dute Arrasaten. Goizean goiz biltzen
dira hamabi taldeak eta egun paregabea pasatzen dute. Goizean
Arrasatera iritsi eta herri kiroletan parte hartzeko aukera izango
dute, hauek betiere, denok parte hartzeko moldatuak. Ondoren,
geldialditxo bat egin eta ogitartekoa jango dute guztiek batera
herriko plazan. Eta eguna borobiltzeko, DJ baten eskutik dantzaldiaz
gozatuko dute guztiek. Aurreko urtean, Legazpin ospatu zen baina
duela bi, Beasaingo begiraleak arduratu ziren dena antolatzeaz.
Ordiziako Beti Alai pilotalekua jendez goraino beteta ospatu zuten
Txolarte Eguna, dantzaldi erraldoi batekin, festa giroan. 200
lagunetik gora bildu ziren adimen urritasuna dutenen Gipuzkoako
elkarteak antolatzen duten urteroko jaira. Ainhoa Jimenezek aitortu
duenez, “hilabeteak daramatza horrelako jaialdi bat prestatzeak.
Hamabi Txolarteekin harremanetan jarri, eguna proposatu, autobusak,
festa egin behar den lekua alokatu…baina eguna pasatakoan geratzen
zaizun poztasuna kontuan hartuta, denetarik egiteko prest gaude”.
Txolarte elkarteko begiraleen esanetan, “egun berezia izaten da
guretzat Txolarte Eguna, festa handia egiten dugulako. Musikarekin
dantza egin eta abestu. Beraien artean elkar ezagutzeko egun aproposa
izaten da, harremanak lantzeko, aspaldiko lagunekin topo egiteko...
Azken batean, denok elkarrekin ondo pasatzea da jai honen helburua.
Gutako askok udalekuetan ezagutzen dugu elkar, baina gero urtean
zehar ia ez gara elkarrekin egoten”.
Txolarte
eguna 2012, Beasain.
Oporraldiak
ere
egiten dituzte guztiek batera. Gabonetan, Aste Santuan zein udan
hamar edo hamabost egunetako irteerak egiten dituzte. Aste Santuko
oporretan, aurten Benidormera joango dira Beasaingo Txolarteko
bazkideetako lau eta beraiekin 3 begirale. Oporraldiak aldiz, Atzegik
(Adimen
urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak) antolatzen ditu. Beraz,
egunerokotasunetik irteteko plan paregabea da. Beste herrietako
lagunekin egoteko aukera zabala daukate, eta nola ez ba, etxetik
irten eta leku berriak ezagutzekoa. Beasaindik joan diren hiru
begiraleek aho batez esan dutenez, “guk hiru urte daramatzagu
oporraldi guztietara joaten, gure lagunekin joateko planak alde
batera uzten ditugu, edo zoro moduan ibiltzen gara gauza guztietara
iristeko. Baina, oporraldiak ikaragarriak dira. Azken finean,
larunbatetan hiru ordu egotea ondo dago, baina hamar edo hamabost
egun jarraian pasatzean, esperientzia berri asko bizitzeko aukera
daukazu. Beraiekin irri, negar…egin. Askotan gogorra egiten da,
baina famili
moduan moldatzen gara.
Batzuetan istiluak ere egoten dira baina azken egunean botatako
malkoak dena sendatzen dute.” Azken bi udetan, Beasaingo eta Irungo
Txolarteak batera joan dira udalekuetara. “Duela bi urte Leonen
topatu ginen, han oporraldiak pasatzen ari ginela. Adimen urritasuna
dutenentzako egokitua dagoen hostal batean egon ginen denok.
Lehenengo egunetan talde bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen, baina
igerilekuan zein otorduetan sortzen zen giroa ikusita, batera
ibiltzen hastea erabaki genuen begiraleon artean. Aurten dudarik
gabe, denok joan gara Katalunian dagoen herri txiki batetara”,
esan du Celine Artazcoz-ek Beasaingo Txolarteko beste begirale batek.
2014.urteko Aste Santuko
oporraldiak Benidormen.
Txolarten
larunbatetan ekitaldiak egiteaz gainera, horiek prestatzeko hilean
behin elkartzen
dira bertako begiraleak. “Hiru hilabetean behin egutegi bat egiten
dugu, eta hilean behin ere biltzen gara. Baina begirale guztiak
ingurukoak gara eta elkartzeko arazorik ez dugu izaten”. Lan
egiteko ordea, “jende
berria”
gustura hartuko luketela diote: “Guk urte batzuk daramazkigu eta
ideiak agortu egiten dira, nekea gehitzen doa. Jende gazteagoa eta
berria animatuko genuke Txolarten parte-hartzera”.
Gainera,
gaur egun dabiltzan begiraleen lana egiten jarraituko duenik ez
dagoela diote. “Guk Txolarte uzten dugun garaian nork jarraituko
du? Guri lekukoa hartzen joango diren gazteak behar dira Txolarten.
Egia esanda, lan munduan ate asko zabaltzen ditu Txolarten boluntario
jarduteak. Asko ematen dugu begiraleok, baina gehiago jasotzen dugu.
Txolartera larunbatetan datozenak engantxatu egiten dira”.
Bestalde, gaur egun boluntario dabiltzan begirale guztiak neskak dira
eta “begirale
mutilak
edukitzea ere ondo etorriko litzateke”.
Maite Biain Gamayo
No hay comentarios:
Publicar un comentario