sábado, 20 de junio de 2015

Harreman Publikoen garapena 1950 eta 2000.urtean zehar (DIPITY)




Maite Biain Gamayo

BULIMIA, XXI. MENDEKO OBSESIOA (ERREPORTAJEA)


Espainian 350.00 lagunek bulimia eta anorexia bezalako osasun arazoak dituzte. Hau da, populazio gaztearen %6-ak elikadura arazoak ditu. Zenbait kasutan, bulimia anorexiarekin nahasten da, kasu gehienetan patologiak elkartzen direlako.

Gizentzearen beldurrari ezohikojatuntasun bat elkartzen zaio, eta hau guztiaren ondorioz, erru-sentimenduaren ondorioz, okak edo diuretukoen ingesta eman ohi da. Krisian, gaixoek haren ekitaldien kontrolaren galeraren sentsazio bat esperimentatzen dute. Bulimia irusi korporalaren distortsioan oinarritzen da.

Izaro Lasa, txikitatik bizi da elikadura arazoekin. 13 urterekin gorputzaren aldaketei ezin izan zien aurre egin. Argala bazen ere, kiloak hartzen hasi zen eta jada ez zuen bere gorputza ezagutzen. Lodia ikusten zuen bere burua eta ez zuen inolako eraginik egin bere burua onartu eta maitatzeko. Hemen hasi zen bere gaixotasuna. “Lagunen eboluzioan erreparatu nuen eta haiekin alderatzen hasi nintzen. Izan ere, gauaren mundua ezagutu genuen eta mutilak ezagutzen hasi ginen, baina niri ez zidaten kasurik egiten”.

Lagunak argalak ikusten zituen eta bera desberdin sentitzen zen. Izaroren ustez, 14 urterekin garrantzi gehiago ematen diozu lagunen kritikeri zure buru edo familiako kideen hitzei baino. Hau guztiaren ondorioz, zerbait jan ondoren komunera joaten zen eta jandakoa bota egiten zuen. “ komunean edozein soinu baliogarria zen amak nire soinuak ez entzuteko. Normalean txorrota irekitzen nuen uraren soinuak nireak estaltzeko”.

Maria Agirre Altsasuko bulimiaren laguntzarako taldearen arduraduna da. 38 urte dauzka eta medikuntza ikasi ondoren elikadura arazoetan espezializatu zen. Gaur, Sakanan elikadurarako ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu. “Ni Urdiaindarra izanik, Sakanan nire egoitza jartzea erabaki nuen. Izan ere, osasun hezkuntza gure biziraupen propiorako ezinbestekoa da eta hemen ez dago inolako kulturarik ”. 8 urte daramatza Sakanan lan egiten eta balantze positiboa egiten dio ilusio handiarekin hasi zuen proiektuari. Ibilbide luzea egin du jada. Altsasuko Aralarko Mikel Donea institutoan hainbat hitzaldi egiten ditu 16 urteko gazteentzat. “Urtero harrera ona izaten dituzte nire hitzaldiek, gazteen artean gaixotasun hau nagusitu ohi da eta laguntza behar duen arazoa denez, gazteen arreta bereganatzea erraza izaten da”. Horrez gain, Sakanako mankomunitatearen laguntzarekin baliatuz; Sakana, Ultzama eta Leitzaran ibarretan ikastaroak egiten ditu. Bere ustez, “Ultzama inguruan gai honen aurrean lotsatu egiten dira gazteak, baina konfidantza hartuz joan heinean, parte-hartze handia nabaritzen da”. Maria Agirreren esanetan, hasieran gazteei bulimiari buruz hitz egitea asko kostatzen zaie, gaia tabua izango balitz bezala ikusten baitute. Hau da, haiek badakite arazo larria dela baina nahiago dute inondik ere ez aipatzea.

Bulimiaren inguruko hainbat informazio aurki dezakezue hemen:
http://www.lookfordiagnosis.com/mesh_info.php?term=bulimia&lang=2

Sintoma fisiko eta psikologikoak

Azken 20-25 urteetan, gorputz-irudiarekiko balorazioa zeharo aldatu da. Alde batetik, askoz garrantzi handiagoa ematen zaio gorputzirudiari; bestetik, duela urte batzuk emakumeen gorputz-forma eta kurbak ederrak eta emetasun ikur ziren, baina gaur egun gehiago estimatzen dira ia formarik gabeko gorputz oso argalak. Hau dela eta, 14-19 urte bitarteko gazteek estereotipoarekin bat egin nahi dute eta haien gorputzaren zikloa hautsi egiten dute, honako sintoma hauekin hasiz. Fisikoari dagokionez, irudi osasuntsua itxuraz, baina, gaixotasuna antzematen da; pisuaren gorabeherak ematen dira bost edo hamar kilogramo denbora gutxian galtzen dituzte eta honi lo eza gehitzen zaio. Buruko mina jasangaitza bilakatzen da eta nesken kasuan, hilekoaren irregulartasuna nabaritzen da. Bestalde, bulimiak psikologikoki eragin handia dauka. Itxuraz, noski, antzeman daiteke, baina kanporatzen den guztia barrutik dagoen islada da. Beraz, sintoma psikologikoak ugariagoak izaten dira normalean. Erraz antzematen diren umore aldaketak izaten dituzte eta honi lotuta izaera aldaketak ere ematen dira, depresioa, errudun sentimendua, tristurak eta kontrol ezaren sentimendua, besteak beste. Zerbait jan ondoren errudun sentitzen dira eta komunean denbora dexente egoten dira, bai pisatzen baita irentsitakoa botatzen ere. Inguruko jendearekin axolagabe aurkezten dira eta gezurretan aritzeko joera hartzen dute. Honekin batera, gehiegizko kezka izaten dute bere itxura fisikoari buruz. Inguru sozialarekiko etengabeko isolamendua bilatzen duten arren, gaixoen ziurtasun ezak besteen onespena ezinbestekoa bihurtzen zaie.




Nire azkeneko elkarrizketatuaren datuei buruz 27 urte dituela besterik ezin dut esan. Anonimatuan mantendu ohi da, izan ere, bere esperientzia hain latza izan da ezen ez du ezta gaixotasunaren izena aipatu nahi. 15 urterekin hasi zen bere infernua (horrela deitzen dio berak gaixotasunari). Telebistan emakume argalak besterik ez zituen ikusten eta horien itxura hartu nahi zuen. Pixkanaka-pixkanaka jateari utzi zion eta fruta besterik ez zuen jaten. Udan, beroa dela eta, ur asko edaten hasi zen eta hau aitzaki paregabea bilakatu zen fruta alde batera uzteko. Neguan, berriz, loditzen hasi zen eta benetako infernua hasi zen. 19 urte zituen jada eta 33 kilogramo pisatzen zituen, ondorioz, gurasoek medikuarengana eraman zuten. Tratamendua luzea egin zitzaion baina sendatutzat eman zuten bere burua. 2 urte pasa ziren eta arazo pertsonalekin hasi zen. Ondorioz, depresio sendo batean murgildu zen eta honi lotuta bulimiaz berriz gaixotu zen. Gaur sendatuta dago baina berriz ere gaixotzeko beldur da.

Bulimia ibiltokietan

Asko dira modaren munduan bulimiari buruz espekulatzen diren zurrumurruak, baina nora iristen dira gazteen eraginak haien ametsa lortzeko? 
20ko hamarkadan modeloaren estereotipoa oso desberdina zen. Gorputzaren kurbak miresten ziren eta soberan egon litezkeen kiloak estimatzen ziren. Gorputza osasuntsua den seinale ziren kilo horiek. Gaur, ordea, guztiz kontrakoa gertatzen dela esan daiteke. Zenbat eta argalagoa izan, orduan eta arrakasta gehiago izaten dute modeloek. Bulimiaren kontrako elkarte batek muturreko argaltasuna ibiltokietan salatu zuen eta honek iskanbilak sortu zituen marka garrantzitsuenen artean. Salaketa honek Cibelesen desfilean dauka jatorria. Modelo gehienek 38ko neurria izan beharrean, 34ko neurria zuten eta honek, muturreko argaltasuna begien bistakoa utzi zuen. Zenbait modeloen esanetan, desfilearen garaian metro eta laurogeiko altuerarekin eta 52 kiloko pisuarekin 34ko neurria mantentzea exijitzen zaie.






Maite Biain Gamayo


Txolarte, denbora-pasa baina gehiago (ERREPORTAJEA)

Txolarteak, Atzegi barruan dauden aisialdiko taldeak dira. Asteburuetan, hiru ordu inguruz, geratzen dira begirale zein hamasei urte baino gehiago dituzten adimen urriko partaideak.
Talde hauen helburu nagusia aisialdiko ekintzak egitea da, betiere beste batzuekin harreman positiboak eta esanguratsuak egitea xede dela, izan ere, horrelako taldeetan parte hartzen ez badute, partaide askok ez dute lagunekin lanetik at egoteko aukerarik. Ekintza hauek guztiak, begirale boluntarioekin egiten dira.
Gaur egun hamabi Txolarte talde daude Gipuzkoan, paseoak eta txangoak egin, zinera, festetara edo antzerkira joan… eta aisialdiko beste ekintza asko egiten dituztenak.
Beasaingo Txolarteari dagokionez, nire herrikoa hain zuzen, zazpi begirale eta hamaika bazkide dira. Larunbat arratsaldeetan egiten dute bat. Urriaren lehen asteburutik ekainaren azken astebururaino jarduten dute honetan. Ekainetik abenduraino, eguraldi kontuak tartean direla eta, Gabonetako jaialdia prestatzen dute. Guztiok gustuko dituzten abestien aukera egin, eta ondoren buru-belarri egoten dira koreografien prestaketan. Nagore Sanchez-ek, begiraleetako batek esan didanaren arabera, “Izugarrizko ilusioa egiten die familien aurrean beraiek egindako lana aurkezteak”. Gabonetatik aurrera, arratsaldeko poteotxoa egiten dute eguraldia lagun badute. Bestela, lokalean geratu, pelikularen bat ikusi eta sekulako meriendak egiten dituzte. Itsaso Egurbidek, beste begirale batek jakinarazi didanez, “guretzako hiru ordu besterik ez dira, baina beraien senideentzako sekulako mesedea da. Gainera gehiago da guk jasotakoa, ikaragarria da. Larunbat batean gerturatzen ez bazara, sekulako zuloa sentitzen duzu aste osoan zehar”. Beasaingo festetan gainean ere, bazkideak urduri egoten dira barraketara bueltatxoa egiteko ohitura baitaukate.


                                       -Beasaingo Txolarte taldea- 
Aurten ere, urtero bezala, iritsiko da Txolarte eguna. Larunbat arratsaldero herri desberdinetan biltzen diren Txolarteko kide eta begiraleak bat egingo dute Arrasaten. Goizean goiz biltzen dira hamabi taldeak eta egun paregabea pasatzen dute. Goizean Arrasatera iritsi eta herri kiroletan parte hartzeko aukera izango dute, hauek betiere, denok parte hartzeko moldatuak. Ondoren, geldialditxo bat egin eta ogitartekoa jango dute guztiek batera herriko plazan. Eta eguna borobiltzeko, DJ baten eskutik dantzaldiaz gozatuko dute guztiek. Aurreko urtean, Legazpin ospatu zen baina duela bi, Beasaingo begiraleak arduratu ziren dena antolatzeaz. Ordiziako Beti Alai pilotalekua jendez goraino beteta ospatu zuten Txolarte Eguna, dantzaldi erraldoi batekin, festa giroan. 200 lagunetik gora bildu ziren adimen urritasuna dutenen Gipuzkoako elkarteak antolatzen duten urteroko jaira. Ainhoa Jimenezek aitortu duenez, “hilabeteak daramatza horrelako jaialdi bat prestatzeak. Hamabi Txolarteekin harremanetan jarri, eguna proposatu, autobusak, festa egin behar den lekua alokatu…baina eguna pasatakoan geratzen zaizun poztasuna kontuan hartuta, denetarik egiteko prest gaude”. Txolarte elkarteko begiraleen esanetan, “egun berezia izaten da guretzat Txolarte Eguna, festa handia egiten dugulako. Musikarekin dantza egin eta abestu. Beraien artean elkar ezagutzeko egun aproposa izaten da, harremanak lantzeko, aspaldiko lagunekin topo egiteko... Azken batean, denok elkarrekin ondo pasatzea da jai honen helburua. Gutako askok udalekuetan ezagutzen dugu elkar, baina gero urtean zehar ia ez gara elkarrekin egoten”.


                                     Txolarte eguna 2012, Beasain.

Oporraldiak ere egiten dituzte guztiek batera. Gabonetan, Aste Santuan zein udan hamar edo hamabost egunetako irteerak egiten dituzte. Aste Santuko oporretan, aurten Benidormera joango dira Beasaingo Txolarteko bazkideetako lau eta beraiekin 3 begirale. Oporraldiak aldiz, Atzegik (Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak) antolatzen ditu. Beraz, egunerokotasunetik irteteko plan paregabea da. Beste herrietako lagunekin egoteko aukera zabala daukate, eta nola ez ba, etxetik irten eta leku berriak ezagutzekoa. Beasaindik joan diren hiru begiraleek aho batez esan dutenez, “guk hiru urte daramatzagu oporraldi guztietara joaten, gure lagunekin joateko planak alde batera uzten ditugu, edo zoro moduan ibiltzen gara gauza guztietara iristeko. Baina, oporraldiak ikaragarriak dira. Azken finean, larunbatetan hiru ordu egotea ondo dago, baina hamar edo hamabost egun jarraian pasatzean, esperientzia berri asko bizitzeko aukera daukazu. Beraiekin irri, negar…egin. Askotan gogorra egiten da, baina famili moduan moldatzen gara. Batzuetan istiluak ere egoten dira baina azken egunean botatako malkoak dena sendatzen dute.” Azken bi udetan, Beasaingo eta Irungo Txolarteak batera joan dira udalekuetara. “Duela bi urte Leonen topatu ginen, han oporraldiak pasatzen ari ginela. Adimen urritasuna dutenentzako egokitua dagoen hostal batean egon ginen denok. Lehenengo egunetan talde bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen, baina igerilekuan zein otorduetan sortzen zen giroa ikusita, batera ibiltzen hastea erabaki genuen begiraleon artean. Aurten dudarik gabe, denok joan gara Katalunian dagoen herri txiki batetara”, esan du Celine Artazcoz-ek Beasaingo Txolarteko beste begirale batek.


             2014.urteko Aste Santuko oporraldiak Benidormen.

Txolarten larunbatetan ekitaldiak egiteaz gainera, horiek prestatzeko hilean behin elkartzen dira bertako begiraleak. “Hiru hilabetean behin egutegi bat egiten dugu, eta hilean behin ere biltzen gara. Baina begirale guztiak ingurukoak gara eta elkartzeko arazorik ez dugu izaten”. Lan egiteko ordea, “jende berria” gustura hartuko luketela diote: “Guk urte batzuk daramazkigu eta ideiak agortu egiten dira, nekea gehitzen doa. Jende gazteagoa eta berria animatuko genuke Txolarten parte-hartzera”.
Gainera, gaur egun dabiltzan begiraleen lana egiten jarraituko duenik ez dagoela diote. “Guk Txolarte uzten dugun garaian nork jarraituko du? Guri lekukoa hartzen joango diren gazteak behar dira Txolarten. Egia esanda, lan munduan ate asko zabaltzen ditu Txolarten boluntario jarduteak. Asko ematen dugu begiraleok, baina gehiago jasotzen dugu. Txolartera larunbatetan datozenak engantxatu egiten dira”. Bestalde, gaur egun boluntario dabiltzan begirale guztiak neskak dira eta “begirale mutilak edukitzea ere ondo etorriko litzateke”.
Maite Biain Gamayo