sábado, 20 de junio de 2015

Txolarte, denbora-pasa baina gehiago (ERREPORTAJEA)

Txolarteak, Atzegi barruan dauden aisialdiko taldeak dira. Asteburuetan, hiru ordu inguruz, geratzen dira begirale zein hamasei urte baino gehiago dituzten adimen urriko partaideak.
Talde hauen helburu nagusia aisialdiko ekintzak egitea da, betiere beste batzuekin harreman positiboak eta esanguratsuak egitea xede dela, izan ere, horrelako taldeetan parte hartzen ez badute, partaide askok ez dute lagunekin lanetik at egoteko aukerarik. Ekintza hauek guztiak, begirale boluntarioekin egiten dira.
Gaur egun hamabi Txolarte talde daude Gipuzkoan, paseoak eta txangoak egin, zinera, festetara edo antzerkira joan… eta aisialdiko beste ekintza asko egiten dituztenak.
Beasaingo Txolarteari dagokionez, nire herrikoa hain zuzen, zazpi begirale eta hamaika bazkide dira. Larunbat arratsaldeetan egiten dute bat. Urriaren lehen asteburutik ekainaren azken astebururaino jarduten dute honetan. Ekainetik abenduraino, eguraldi kontuak tartean direla eta, Gabonetako jaialdia prestatzen dute. Guztiok gustuko dituzten abestien aukera egin, eta ondoren buru-belarri egoten dira koreografien prestaketan. Nagore Sanchez-ek, begiraleetako batek esan didanaren arabera, “Izugarrizko ilusioa egiten die familien aurrean beraiek egindako lana aurkezteak”. Gabonetatik aurrera, arratsaldeko poteotxoa egiten dute eguraldia lagun badute. Bestela, lokalean geratu, pelikularen bat ikusi eta sekulako meriendak egiten dituzte. Itsaso Egurbidek, beste begirale batek jakinarazi didanez, “guretzako hiru ordu besterik ez dira, baina beraien senideentzako sekulako mesedea da. Gainera gehiago da guk jasotakoa, ikaragarria da. Larunbat batean gerturatzen ez bazara, sekulako zuloa sentitzen duzu aste osoan zehar”. Beasaingo festetan gainean ere, bazkideak urduri egoten dira barraketara bueltatxoa egiteko ohitura baitaukate.


                                       -Beasaingo Txolarte taldea- 
Aurten ere, urtero bezala, iritsiko da Txolarte eguna. Larunbat arratsaldero herri desberdinetan biltzen diren Txolarteko kide eta begiraleak bat egingo dute Arrasaten. Goizean goiz biltzen dira hamabi taldeak eta egun paregabea pasatzen dute. Goizean Arrasatera iritsi eta herri kiroletan parte hartzeko aukera izango dute, hauek betiere, denok parte hartzeko moldatuak. Ondoren, geldialditxo bat egin eta ogitartekoa jango dute guztiek batera herriko plazan. Eta eguna borobiltzeko, DJ baten eskutik dantzaldiaz gozatuko dute guztiek. Aurreko urtean, Legazpin ospatu zen baina duela bi, Beasaingo begiraleak arduratu ziren dena antolatzeaz. Ordiziako Beti Alai pilotalekua jendez goraino beteta ospatu zuten Txolarte Eguna, dantzaldi erraldoi batekin, festa giroan. 200 lagunetik gora bildu ziren adimen urritasuna dutenen Gipuzkoako elkarteak antolatzen duten urteroko jaira. Ainhoa Jimenezek aitortu duenez, “hilabeteak daramatza horrelako jaialdi bat prestatzeak. Hamabi Txolarteekin harremanetan jarri, eguna proposatu, autobusak, festa egin behar den lekua alokatu…baina eguna pasatakoan geratzen zaizun poztasuna kontuan hartuta, denetarik egiteko prest gaude”. Txolarte elkarteko begiraleen esanetan, “egun berezia izaten da guretzat Txolarte Eguna, festa handia egiten dugulako. Musikarekin dantza egin eta abestu. Beraien artean elkar ezagutzeko egun aproposa izaten da, harremanak lantzeko, aspaldiko lagunekin topo egiteko... Azken batean, denok elkarrekin ondo pasatzea da jai honen helburua. Gutako askok udalekuetan ezagutzen dugu elkar, baina gero urtean zehar ia ez gara elkarrekin egoten”.


                                     Txolarte eguna 2012, Beasain.

Oporraldiak ere egiten dituzte guztiek batera. Gabonetan, Aste Santuan zein udan hamar edo hamabost egunetako irteerak egiten dituzte. Aste Santuko oporretan, aurten Benidormera joango dira Beasaingo Txolarteko bazkideetako lau eta beraiekin 3 begirale. Oporraldiak aldiz, Atzegik (Adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak) antolatzen ditu. Beraz, egunerokotasunetik irteteko plan paregabea da. Beste herrietako lagunekin egoteko aukera zabala daukate, eta nola ez ba, etxetik irten eta leku berriak ezagutzekoa. Beasaindik joan diren hiru begiraleek aho batez esan dutenez, “guk hiru urte daramatzagu oporraldi guztietara joaten, gure lagunekin joateko planak alde batera uzten ditugu, edo zoro moduan ibiltzen gara gauza guztietara iristeko. Baina, oporraldiak ikaragarriak dira. Azken finean, larunbatetan hiru ordu egotea ondo dago, baina hamar edo hamabost egun jarraian pasatzean, esperientzia berri asko bizitzeko aukera daukazu. Beraiekin irri, negar…egin. Askotan gogorra egiten da, baina famili moduan moldatzen gara. Batzuetan istiluak ere egoten dira baina azken egunean botatako malkoak dena sendatzen dute.” Azken bi udetan, Beasaingo eta Irungo Txolarteak batera joan dira udalekuetara. “Duela bi urte Leonen topatu ginen, han oporraldiak pasatzen ari ginela. Adimen urritasuna dutenentzako egokitua dagoen hostal batean egon ginen denok. Lehenengo egunetan talde bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen, baina igerilekuan zein otorduetan sortzen zen giroa ikusita, batera ibiltzen hastea erabaki genuen begiraleon artean. Aurten dudarik gabe, denok joan gara Katalunian dagoen herri txiki batetara”, esan du Celine Artazcoz-ek Beasaingo Txolarteko beste begirale batek.


             2014.urteko Aste Santuko oporraldiak Benidormen.

Txolarten larunbatetan ekitaldiak egiteaz gainera, horiek prestatzeko hilean behin elkartzen dira bertako begiraleak. “Hiru hilabetean behin egutegi bat egiten dugu, eta hilean behin ere biltzen gara. Baina begirale guztiak ingurukoak gara eta elkartzeko arazorik ez dugu izaten”. Lan egiteko ordea, “jende berria” gustura hartuko luketela diote: “Guk urte batzuk daramazkigu eta ideiak agortu egiten dira, nekea gehitzen doa. Jende gazteagoa eta berria animatuko genuke Txolarten parte-hartzera”.
Gainera, gaur egun dabiltzan begiraleen lana egiten jarraituko duenik ez dagoela diote. “Guk Txolarte uzten dugun garaian nork jarraituko du? Guri lekukoa hartzen joango diren gazteak behar dira Txolarten. Egia esanda, lan munduan ate asko zabaltzen ditu Txolarten boluntario jarduteak. Asko ematen dugu begiraleok, baina gehiago jasotzen dugu. Txolartera larunbatetan datozenak engantxatu egiten dira”. Bestalde, gaur egun boluntario dabiltzan begirale guztiak neskak dira eta “begirale mutilak edukitzea ere ondo etorriko litzateke”.
Maite Biain Gamayo

No hay comentarios:

Publicar un comentario