lunes, 20 de junio de 2016

EMAKUMEA KIROLEAN (IRITZI ARTIKULUA)

Gai honek txiki-txikitatik izorratzen nau eta bada honi buruz pentsatzen dudana plazaratzeko garaia.
Nire txikitako oroitzapenetara bueltatzen naizenean, asko dira baloiez inguratuta aurkitzen naizen uneak. Nik ez nituen gustoko panpinak, ez. Nire amonak behin eta berriro oparitzen zizkidan, baina horrek ez zuen funtzionatu. Eta niretzako, fraile eskola batean ikasi duen honentzako, nolabaiteko traba izan zen hori.

Oraindik ere amak gogorarazten dit, Martinek, kirol hezkuntzako irakasleak deitu zionean. 1989.urtean jaio nintzen, beraz, kontatu behar dudan gertakizun hau, duela 20 bat urte gertatu zen. Kirol hezkuntza orduetan, neskak alde batean jartzen ginen eta mutilak bestean. Mutilek futbolean jolasten zuten eta guk berriz, sokasaltoan... Ditsosozko sokasaltoa! Amorru ematen zidan! Eta egun batean irakasleari mutilekin jolasteko aukera emango ote zidan galdetu nion... Arratsalde horretan jaso zuen amak deia. Ez omen nekien soka saltoan behar bezala ibiltzen eta etxean praktikatzeko deitu zion irakasleak amari. Amaren erantzuna izan zen bikaina, bai horixe! Ea gelako zenbat mutilek jolasten zuten ni bezain ondo futbolean. Hor geratu zen bien arteko eztabaida baina ez ziren gauzak aldatu, hurrengo klasean berriro ere sokasaltoaren aldean geratu behar izan nuen... 

Tontokeria dirudien honek, eta niretzako anekdota bat den honek, gaur egun berdin jarraitzen du. Eta honek tristetzen nau. Tristetu eta barrenak mugiarazten dizkit. Berdintasun baten bila gabiltza baina ez da ematen. Lotsagarria da. Ez kirolean ez inon. Emakumeok gizonezkoen azpitik gaude arlo gehientsuenetan, nahiz eta kasu askotan profesionalagoak garen. Berdintasunean bizi garela esaten da, bai horixe, aho betez gainera. 

15 egun pasa dira Athletic-eko neskek liga irabazi zutenetik. Athletic bezalako talde batean jolasteak sekulako meritua dauka. Gizonezkoek milioika euro irabazten dituzte lan berdinagatik eta emakumezkoek zer? Guztiek egiten dute lan, gehienek ikasketak dituzte... beraien esfortzua gizonezkoena baina hiru aldiz handiagoa izanda ere, ez da onartua. Hau bidezkoa da XXI. mendean?

Nire uste apalean, asko dago egiteko, eta txiki-txikitatik hasi behar da hezkuntza hori. Berdinak bagara, berdintasuna egoteko unea dela iruditzen zait. 


Maite Biain

No hay comentarios:

Publicar un comentario